Ostatu berriak Debabarrenean

2008/04/01
Ostatu berriak Debabarrenean
Sasoia da Debabarrenak bere ostatu-eskaintza sustatzeko hautua egin zuela eta, egun, bide beretik darraio: oraintsu sortu diren bi hotel eta landa-etxe berriak dira errealitate horren sostengu.

Haatik, azkenaldion asko izan dira eskualdeko turismo-sektorea indartzera bildutako enpresa-ekimenak eta, bide honi jarraiki, azken hiru proiektuek Debabarreneko balio turistikoa berresten dute.

Mutrikuko Arbe Hotela da zabaldu berri duten ostatuetako bat: Deba eta Mutriku artean dagoen Alkoleako hondartzaren gandorretik Gipuzkoako kostaren talaia txiki gisa datorkigu. Alejandro Arrospidek burututako diseinu abangoardistadun eraikina 11 logelatan banatzen da, horietako bat ezinduentzat erabat atondutakoa. Erosotasun guztiez gain, energia geotermikoaren erabilera, Spa zerbitzua eta ibilaldi kardiobaskularrak dira Arbe Hotelaren bereizgarri. Informazio gehiagorako www.hotelarbe.com atarira jo.

Horrez gain, Zumalabe Hotela da nobedadeetako bestea. Mutrikuko porturako jaitsieran leku hartuta, Mutrikuko itsasorako ikusmira zoragarridun 6 logela eskaintzen ditu Zumalabek. Logelak mimoz zaintzen dituzte gainera: bakoitzak Mutrikuko portuko txokoren baten izena hartzen du eta, horrez gain, hiruk terraza dute eta gainontzeko hirurek beirate zabalak. Horri etxe-jabeen harrera abegikorra gehituz gero, Mutrikura datozenentzako egonaldirako leku aproposa bihurtzen dute Zumalabe Hotela. Argibide gehiago www.hotelzumalabe.com web-gunean.

Azkenik, Mallabiko Longa Nagusi landa-etxea da ireki berri duten azkena. Etxe historikoa da Longa Nagusikoa, Francisco Tomas Longa -Longa Generala- Independentzia Gudako General famatuaren jaiotetxea baita. Egun, ordea, guztiz eraberritu dute etxea eta 12 pertsonentzako lekua eskaintzen du; osorik ere har daiteke. Zalantzarik gabe, Mallabia eta inguruetako paisaiez gozatzeko aukera egokia da Longa Nagusia.

Arestian esan bezala, eskualdeko ostatu-eskaintza nabarmen hobetu da azken hamarraldian. Zehatz-mehatz, azken hamar urteetan %37 igo da ostatu-ahalmena eta, gaur egun, eskualdeak egunero 570 laguni ostatu emateko gaitasuna du.