Aurreko edizioetako moduan, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta eskualdeko hainbat udaletako ordezkari eta arduradunen babesa eta partehartzea agerian geratu da. Merkataritza Ganberak, Ondare Industrialaren Elkartea eta hainbat enpresetako arduradunak ere bertan izan dira.
Aurtengo edizioaren ondorio nagusietako bat, hain zuzen ere, gure eskualdearentzat turismo industrialak eta teknoturismoak ekar ditzazkeen aukerak agerian jartzea izan da. Cristina Iturriagagoitia, Debegesako Turismo Arduradunaren ustetan gure eskualdeak produktu turistiko gisa esplotatu daitezken uste baino elementu gehiago ditu. Euskadik orokorrean eta zehazki Debabarrenak turismo ondarean oinarritutako kultur-turismoko produktuak garatzeko aukera du. Proiektu hauek memoria kolektiboa eta herritarren autoestiman eragin garrantzitsua dute eta turismo ikuspegitik landu ezkero, elementu erakargarri bilaka daitezke. Gainera, beste eskeintza batzuekin osatuz (senderismoa, gastronomia, paisaia, bisita gidatuak ) herrialdeak sustatzeko ahalmena dute.
Laburbilduz, industria turismoaren inguruko 2 modalitate aztertu dira: turismo ondarean oinarritutakoa (museoak, tokiak ) eta ihardunean dauden industria edota lantegietara bisitak.
Jardunaldiek agerian utzi dute sarean lan egitearen garrantzia. Honela, Lenbur Fundazioko zuzendaria den Aurelio Gonzalez-ek, Gipuzkoako Ondare Industrialaren inguruan sare bat osatzeko aukera planteatu zuen. Dudarik gabe, oso proposamen interesgarria da, sare hau osa lezaketen eskualdeko erakunde publiko eta museoek aztertu beharrekoa dio Iturriagagoitiak.
V edizio honek Eibarra nazioarteko esperientzia ezaguna hurbiltzea lortu du. Honela, Laetitia Morel, Frantziako Merkataritza eta Industria Ganberen Batzarreko Merkataritza, Zerbitzu eta Turismo Zuzendaritzako Turismo arduradunak, Frantziaren kasua aurkeztu du. Hurbilago, produktu turistiko izan daitezkeen parke teknologikoen esperientzia ere aurkeztu da. Andoni Gartzia, Garaia Berrikuntza Guneko zuzendariak esan duenez inor ez da joaten Arrasatetik polo teknologikoa bisitatu gabe.
Azkeneko saioan, arratsaldez, jardunaldien lehio berri bat zabaldu zuten, sektorearen garapena eta lehiakortasuna hobetzea ahalbideratzen duten erakunde eta programak aurkezteko. Atzokoan CIC Tourgune eta Segitur-ek turismo sektorean berrikuntza sustatzeko egiten ari diren lana aurkeztu zuten. Bestalde, Iturriagagoitiak helmuga turistikoen kudeatzaileek turismoa sustatzeko duten zereginaren inguruan hainbat hausnarketa aurkeztu zituen eta bidebatez, eskualdeko turismo webgunean teknologia berrien inguruan martxan jarriko den proiektuaren prototipoa ere aurkeztu zuen.
Hizlari eta partehartzaile guztiek eskualdeko bi industria museoak bisitatzeko aukera izan dute: Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa eta Eibarko Armagintzaren Museoa.