Bisita gidatu eta txangoen eskeintza zabala Debabarrenan

2006/07/18
Bisita gidatu eta txangoen eskeintza zabala Debabarrenan
Urtez urte, Debabarreneko bisita eta txango gidatuen eskeintza indartuz doa. Deba edo Mutrikuko bisitek edota eskualdean zehar egiten den ibilideak Debabarreneko tokirik berezienak ezagutzeko aukera eskeintzen dute.

Debabarrena gida edo bide-erakusleen laguntzaz ezagutzeko interesa duen orok aukera zabala du eskura. Aukera handiena kostaldeko herrietan ego arren, Debabarrenako eskualdeako toki berezienak ezagutzeko aukera ematen duen txangoa egiteko aukera ere badago.

DEBA-ZUMAIA BATZEN DITUEN KOSTAKO TREKKING-a aukera ezinhobea da euskal itsasertzeko lekurik interesgarrienetariko bat ezagutzeko. Honetarako, bisita gidatu honek itsasertz ondoko bidexka bat zeharkatzen du. Ibilbidean zehar bisitariek itsaslabar ikusgarriak, atalaiak, harrizko hondartzak, flysch-ak, marearteko zabalguneak… ikusteko aukera izango dute. Aurtengo udaran aurrerapausu berria eman da eta itsasertza itsasontziz ezagutzeko aukera ere badago. Bidaian Diego Mendoza biologoak bisitariei duda guztiak argitzen dizkie. Antton Salegi patroiaren hitzetan, “bertako jendeak ezagutu beharko lukete lehenik eta behin itsasertz hau, hala ere, ez da turista aleman, ingeles edo frantsesik falta”.

DEBAKO BISITA KULTURALAren jomuga Nazio-Monumentu izendatutako Debako Santa Maria eliza da. Gipuzkoako eraikin sakratuen bilakaera hoberen ilustratzen duen eliza da eta hainbat ezaugarri ikusgarri ditu: klaustroa -Gipuzkoa mailan lehena-, aurrealde polikromatua, sakristiako aulkiteria…

Bestalde, MUTRIKUKO BISITAK herriko monumenturik esanguratsuenak ezagutzeko aukera ematen du. Denboran atzera egiteko aukera ematen dio bisitariari herriko harrizko galtzada estuetan barrena ibiliz. Kale hauetan jaio ziren, hain zuzen, Antonio Gaztañeta edo Cosme Damián Churruca pertsonaia ospetsuak. Bisita portuko Bentalekua museoan amaitzen da. Bertan, XX. mende hasieran arrain-subasta nola egiten zen ikusteko aukera ematen da eta Gipuzkoako porturik aintzindarienetako baten historia ezagutzeko aukera du bisitariak. Bestalde, Gipuzkoako elizarik zaharrenetakoa den Astigarribiako San Andres ezagutzeko aukera ere badago.

Azkenik, ESKUALDEAN BARRENA egiten den txangoak Debabarreneko lekurik berezienak ezagutzeko parada eskeintzen du. Elgoibarko Makina-Herraminta Museoa bisitatu eta Mendaroko Saint Gerona etxeko txokolateak probatu ondoren, bisitariak antolatutako bazkarian indarrak hartu ahal izango ditu. Arratsaldez, Debako Santa María Parrokia, Mutrikuko gune historikoa eta Bentalekua Museoak bisita erakargarri honi amaiera ematen diote.

Mutrikuk zuzenean turismo bulegoan eskeintzen ditu bisita gidatuak eta bezeroen ordutegi eta beharretara egokitzen ditu gainera. Debak berriz, bisita egutegi bat diseinatu du eta bisitariek egun eta ordu desberdinen artean aukeratu dezakete. Azkenik, eskualdean barrena egiten den bisita Begi Bistan enpresak kudeatzen du baina turismo bulegoetan ere eskuratu daiteke.

Informazioa eta erreserbak:

  • Debako Turismo Bulegoa: Tel. 943192452. turismoa@deba.net • www.deba.net - Mutrikuko Turismo Bulegoa: Tel. 943603378 turismo@mutriku.net • www.mutriku.net - BEGI BISTAN: Tel. 657794677 begi-bistan@terra.es • www.begi-bistan.com