Debabarreneko II. Jardunaldi Teknikoak ospatu dira Gironan

2006/06/14
Debabarreneko II. Jardunaldi Teknikoak ospatu dira Gironan
Debegesak antolatuta, lehengo astean Debabarreneko II. Jardunaldi Teknikoak ospatu dira Gironan.

Aurtengoan, Gironako La Garrotxa, edo L'Empordako beste leku batzuk bisitatu dira Turismo Aktiboan, Natur Turismoan, Landa Turismoan eta Kirol Turismoan garatu dituzten esperientziak ezagutzeko helburuz. Eskualdeko ordezkari politiko eta teknikoak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko ordezkaria eta eskualdeko sektore turistikoetako ordezkariek parte hartu dute aurtengo jardunaldian. Joera turistiko berriak ezagutzeaz gain, gure eskualdeko eskeintza turistikora egokitu daitezken esperientziak ezagutu ahal izan dituzte bertan.

Lurraldea ezagutzeko bisita teknikoez gain, programan parte hartutako erakundeetako ordezkariekin eta turismo elkarteetako teknikariekin elkarrizketak eta bilerak ospatu dituzte. Gainera, egindako bisitak erreferentzia eta esperientzia eredu izan dira bertaratutakoentzat.

Aurtengo bisita Castellfollit de la Roca herrian hasi zen, alkatearen harrera eta herriaren bisitarekin. Hotelera iritsitakoan, eskualdeko alkateekin afari bat ospatu zen eta bertan esperientzi eta inpresio desberdinak elkarbanatzeko aukera izan zen. Asteazkenean, Garrotxa Turismo-ko arduradunekin ospatutako bileran, eskualdeko ekintzak aurkeztu zituzten. Bileraren ondoren, Debabarrenako ordezkariek Santa Pau-ko “Lava” Kanpin Ekologikoa bisitatu zuten. Arratsaldeko ekitaldien artean, Gironako Landa Turismoko Elkarteko zuzendariekin izandako bilera azpimarratu daiteke. Debabarreneko hainbat nekazalturismotako arduradunek euren esperientziak elkarbanatu zituzten Gironako ordezkariekin.

Ekainaren 8an, ostegunean, Debabarreneko ordezkariak Xénac jolas-eremura igo ziren tren turistikoan. Eguerdian, Vall d'en Bas eskualdeko kooperatibaren landa-denda bisitatu zuten eta proiektuaren arduradunekin bildu ziren. Arratsaldean, Banyoles-eko Udalean harrera egin zieten eta bertako kirol teknikariak Banyoleseko kirol turismoaren jarduera ildoak aurkeztu zizkieten. Amaitzeko, iluntzean, Besalú herrira egindako bisita gidatuarekin eguneko agenda estuari amaiera eman zitzaion.

Azken egunean, l'Emporda herrian, eskualdeko ordezkariek bertako parke naturala bisitatu zuten parkearen zuzendarien laguntzarekin. Eguerdian, l'Escalako antxoa kontserbategia ezagutzeko aukera izan zuten eta arratsaldez berriz, l'Escalako Udalak d'Empuries-eko arkeologia eremua bisitatzera gonbidatu zuen Debabarreneko ordezkaritza.

Agenda estu honi esker, Debabarreneko ordezkari publiko nahiz pribatuek Gironako natur eta landa turismoko, turismo aktibo nahiz kirol turismoko ekimen desberdin eta aberasgarriak ezagutu ahal izan dituzte. Esperientzi hauetariko batzuk gure eskualdeko eskeintza turistikora egokitu daitezke eta norabide honetan lan egin beharko da etorkizunean. Honenbestez, jardunaldi tekniko hauek ikasteko eta Debabarrena helmuga turistiko moduan osatzeko aukera ematen dutela nabarmendu daiteke.