“Dolmenen Ibilbidea” egitasmoaren baitan burutu diren ikerketek zera ondorioztatu dute: Arribiribilletako monumentu megalitikoa zutarri bat da, eta ez dolmen bat, orain arte uste zen bezala.
Aurkikuntza honen ostean, eta dagokion proiektu arkitektonikoa eskuetan, gaur irailak 3 monolitoa zutik jarri da, bere jatorrizko posiziora berriro ekarriz. Lan hau guztia Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailak eraman du aurrera. Ikerketek utzitako zantzuen arabera, historiaurreko jatorria duen monolito hau zutik zegoen duela 4000 urte inguru eta ondoren lurrera jausi zen, eraitsita edo berez erorita.
Monumentu hau Irukurutzeta eta Kurutzebakar gailurren artean dago eta J.M. Barandiaranek aurkitu zuen 1921. urtean. 3,60 metro luze, 1,70 metro zabal eta 0,40 metro lodi den basaltozko harri-bloke handi bat da. Arribiribilleta Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoaren parte da. Ingurune honek daukan balio handienetakoa arkeologikoa da, Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta dauden dolmen eta tumulu kopurua handia baita. Euskal Herriko eta, bereziki, Deba bailarako arkeologia orokorra aztertzerakoan garrantzia handia du Estazio Megalitiko honek.
"Udazkena Dolmenen Ibilbidean"
Gaurko ekimena abiapuntu harturik, “Udazkena Dolmenen Ibilbidean” izeneko ekintza programa jarri da martxan. Programari hasiera emateko, datorren irailaren 14an, igandez, erromeria egingo da. Hitzordua 11:30ean izango da Irukurutzetako tontorraren inguruan. Bertan parte hartuko dute Elgoibar, Soraluze eta Bergarako hainbat elkarte eta taldek. Hiru herrietako mendi taldeak igoko dira eta deialdia luzatu nahi zaie gainerako herritarrei ere bertaratu daitezen. Hamaiketakoa egongo da, dantzariak, txistulariak eta haurrentzako jokoak. Gainera, Aranzadiren eskutik, Arribiribilleta inguruan egin diren lanen berri emango zaie bertaratutakoei.
Halaber, bisita gidatuak eskainiko dira, dohainik, bertako ondare naturala eta kulturala erakutsi eta ezagutzera emateko. Guztira lau irteera antolatu dira, horietako hiru euskaraz (irailak 21 eta 28, eta urriak 12) eta beste bat gazteleraz (urriak 5). Irteerak doan izan arren aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da. Parte hartu nahi duten herritarrek bi telefono hauetako batera deitu behar dute izena emateko: 695 783 656 / 943 77 91 28.
Ekimen hauek guztiak elkarlanean antolatu dituzte Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek, Debemen landa garapenerako elkarteak eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.